3- Francoren heriotzaren ondotik: zaharra nola berritu edo berria nola sortu, hortxe koxka
3-a. Ezkil hotsekin batera lekua hartzera.
Faszioaren buruaren heriotz ezkilek 1975ko abenduaren 20an jo zuten ofizialki. Ezkil ofizialak bai, ezen hil hotsak baziren hortik eta handik uda osoan zehatz, nonbait gertaeraren baitan zuden jarrita era guztitako irrikak: batzuk berrogei urteko etsipenak jota, beste batzuk etorkizun berria eraikitzeko itxaropenez eta hirugarrenak maisu zuzendariari agurtzeko penetan oraindik.
Eta gertaera historiko guztien ondotik jaso bezala, hurrengo egunean berdin argitu zuen, eta hurrenagokoan, eta hurrenagokoan. Erregimenaren zuzendariek iragarrita zuten aldez aurretik den dena lotuta zegoela, ongi lotuta. Beraz, Francok aukeratu Borboitarra koronapean eta Franco bera bezain frankista zen Arias Navarrok Gobernuaren aginte makila eskuan zuela ekin zion erregimenak etorkizunari. Gidoiak aurreikusi bezala.
Baina bestelako gidoiak nonnahi ziren. Ordura arte erregimenaren baitan egosten ari ziren kontraesan, birmoldaketa asmo eta proiektu desberdinei lekua irabazteko egokiera agertzen zitzaien, baita aprobetxatu ere. Oposizioak, ahul samarra izan arren, bere ordua bertan somatzen zuen eta 1973ko krisialdi ekonomikoak lehendik ere arazo latzak zituen Estatu Espainiarreko egitura sozio-ekonomikoan eragindako kalteek (entrepresen kiebrak, prezioen gorakadak, konbenioak hitzartzeko arazoak, langabeziaren gorakada....) itsaso zakarra sortzen zuten arlo politikoan. Aurkariaren aurkariak zuen indarra, ezegonkortasun orokortua norberaren sendotasuna zena baino handiagoa itxuratzeko parada zen bitartean, bakoitzak bere iharduera azkartzen zuen egoera politiko berriaren aurrean lekua hartzeko. Agerikoa zen "ederki lotu horrek" aldaketa-moldaketa baino ez zuela esan nahi. Erregimenaren barruko hitzarmenak, kalapita eta itzeleko jokuak, oposizioko alderdien arteko bilerak, estrategia berriak, mobilizazioen aurreko jarrerak, elkarren arteko aurkakotasunak.... batzuen eta besteen urruntzeak, nazioarteko eragileen presioa, erregimenaren errepresioa...denak astintzen zuen egoera nahasia.
Franco hil aurretik ia denek zioten irtenbidearen giltza eskutan zutela, bakoitzak berea noski, errezeta prest. Batzuk zegoenari eutsi, besteak hauteskundeak deitu, beste batzuek bapateko neurriak eta oposizio guztiak hitzartutako behin behineko gobernua buruan.... Nahaspilaren erdian PSOE ere gogotik saiatu zen euren proposamena gardentasunez azaltzen Franco hil aurretik. Ondorengo astetan lerro berari eutsi zioten haustura demokratikoaren proposamenak inoiz baino indar handiagoa zuela berretsiz eta, aldaketa susmo perspektiba berean, Estatuko Gobernu berriaren programa aitorpenak zein ministro batzuek etorkizun labur bateko egitura politikoaren antolaketan "lurraldeen autonomia" izan beharko zenari buruz egindako aurrerapenei erantzunez, PSOEk agiri berri bat kaleratuko du 1976ko urtarrilean (49) esanez Alderdi Sozialistak askotan hitz egin duela gai honen gainean eta beti "desberdindu dutela aipagai zuten errealitatea". Desberdintasun horiek nazionalitateak eta lurraldeak dira. Lehenengoei dagokienez PSOEren agiriak berresten du "aipatu nazionalitateen arazoaren irtenbidea erabateko autodeterminazio eskubidearen onarpenean oinarritzen dela, zeinak esan nahi duen nazionalitate hauek erabateko askatasuna izango dutela Estatu Espainiarra osatzen duten gainontzeko herriekin garatu beharreko harremanak aukeratzeko". Adierazpenaren argitasuna zigilatu nahian edo, PSOEren komunikatu honek kakotx artean jartzen du esaldi guztia eta ondoan, parentesi artean "Nazionalitate eta lurraldeei buruzko adierazpena, XIII. Biltzarra). Bego horretan.
Horixe zen bi errealitateetako bat, nazionalitateena, bestea lurraldeak ziren. Hala dio komunikatuak, "PSOEk onartzen du lurralde desberdinduak daudela (ingurune geografikoa, egitura ekonomikoa, historia etabarren eraginez...), zeinei autonomia aitortu behar zaien. Hots, gobernu erakundeak osatzeko aukera aitortu behar zaie".
Gobernuak egindako adierazpenak tartean direla, PSOEk kaleratu agiriak ordura arte eutsitako jarreak berretsi ez ezik (XIII. biltzarrean erabakitakoa, ez zen besterik izan) beste zehaztapen garrantzitsu bat gehituko du "nazionalitate" eta "lurraldeen" arteko desberdintasuna zertan zetzan argituz. Oso desberdinak dira, "bi errealitate" dio agiriak, nazionalitateei sujeto politiko direla aitortu eta burujabetza eskubidea onartzen zaie (erabateko askatasuna /.../ harremanak erabakitzeko). Beraz, nazionalitate kontzeptua zein nazioa parekideak dira PSOErentzat, izan ere nazioari nazioarteko zuzenbideak aitortzen dizkion eskubide guztiak aitortzen dizkiote sozialistek nazionalitateari.
Oso bestelakoa da "lurraldeen" izaera. Sozialistek diote desberdinak direla, bai izaeran, bai eskubidetan. Ez diete herri izaera aitortzen, ezta sujeto eskubidea ere. "Autonomia bai", baita "gobernu erakundeak osatzeko aukera" ere, baina ez gehiago. Hortik "Estatu Espainiarra osatzen duten gainontzeko herriekin izango dituen harremanak askatasunez" aukeratzera alde handia dago, oso. Aipatu kontzeptuak Penintsula Iberikoaren mapa gainean adieraziko lukete autodeterminazio eskubidea duten "nazionalitate"-nazio batzuk daudela eta gainontzeko zatian PSOEk deszentralizazio-autonomia hobesten duela. Beti ere (agiriak hala dio), hauen guztien antolaketa federalaren alde egingo du Alderdi Sozialistak, baina nazionalitateei autodeterminazio eskubidea onartzean federaziotik at egoteko aukera ematen zaie.
Haustura demokratikoa eta Estatuaren lurralde antolaketaren inguruko oinarri irizpide hauen zurruntasunak ordea laster galdu zuten indarra, antzeko-ordezko baina azken batean beste kontzeptu behazkilo batzuen mesedetan. Urtarriletik aurrera PSOEren diskurtso politikoak nabardura dexente hartzen ditu eta galdera da ea nabardura hauek norabide politikoaren haizeorratzaren aldaketa iragartzen duten ala ez. Izan ere ez da erabateko diskurtso aldaketa, kontzeptuen ordezkapena, ez. Batzutan ordura arteko ildoari atxekiko zatzaie hitzez hitz eta beste batzutan ohiko kontzeptuak tartekatzen dituzte, denbora politikoaren zein irakurketa desbedinaren logikarekin lotuko dira, norabide aldaketa sumatzeko moduko aztarnak agerian uzten dituztelarik.
Alderdi Sozialistaren hizpidearen fintzeak bat egiten du tempus politikoaren garapenean zubi-elkarteek PSOErekin zuten harreman kuantitatibo eta kualitatiboen indartzearekin, hots, garai honetan zabaltzen da benetan diru iturria eta indartzen da Gonzalezen proiekzio publikoa. Era berean, Estatu Espainiarrean Alderdi Sozialista oraindik legez kanpokoa izan arren, PSOEk "tolerantzia hitzartuan" jarduteko pribilegioa du (alderdia ez da legala, baina jazarpena oso mugatua da, neurtua) (50). Beste alde batetik, kaleko tentsioak (errepresioa, hildakoak, liskarrak, grebak...) gora egiten zuen bitartean, zenbait momentutan sistemarentzat sustengaezina bihurtuko zela irudikatu arte Gasteizen martxoan izandako gertaerak kasu (3 langile hilda, 90 zauritu...), PSOEko buruzagiek hartu-eman zuzenak zituzten bai Gobernuarekin, bai oposozioko gainontzeko alderdiekin erregimenaren bilakera hitzartzeko. Hots, aldaketa-moldaketa egosten hasia zela, PSOE Gobernuarekin negoziatzen hasi zela.
Testuinguru honetan, ordura arte erregimenaren edozein aldaketa maniobretan parte hartzeari uko egitearen arrazoia haustura demokratikoaren edukitenan (ez da demokraziarik izango norbanako eskubideak, autodeterminazioa.... errespetatu arte) arrazoitzen zuen PSOEk, denbora berria egokituko dio "hausturari". Demokraziaren ezaugarri ezinbestekoak eta egitasmo konstituziogilearen oinarri izatetik erregimenaren ordezkariekin izandako negoziaketen bidez erdietsi beharreko helburuak izatera pasatuko dira. "Haustura negoziatua" eta "haustura dialektiko negoziatua" dira Alderdi Sozialistaren kontzeptu berria. Sozialistek azalduko dutenez (51) ez da botere hutsunerik aurreikusten Estatuaren egituretan eta beraz, orain, bideratu nahi den negoziazio prozesuak "haustura demokratikoan izango du amaiera", "printzipioz" bederen, "edukinetan eraginik izango ez duen negoziazioa".
Badirudi PSOEk jorratzen duen negoziazioan eztabaidagai bakarra dela tarte konstituziogilearen aurretik ze epetan gauzatu haustura demokratikoaren edukinak. Hala balitz, aldaketa bai baina ez legoke kontraesan sustengaezinik "erregimenaren edozein bilakaera hitzartuari" aitortu aurkakotasun lehialarekin. Dena den, "printzipioz" edukinetan aldaketarik egongo ez dela esateko era horrek, bada, geroko balizko aldaketak iragartzen ditu. Zurruntasuna atzean utzi nahi dute nonbait. Denborak esango du baietz, aldaketak egon egongo direla, bai epetan bai edukinetan.
"Haustura demokratikoaren" edukinak egosten ari edo egosiko den eltzeko uretan beratzen jarrita daudela islatuko du PSOEren hizkerak. Ageri denez, lehenxeago intoxikazio eta nahaspilaren aurrean oinarrizko kontzeptuen esanahia argitasunez zehazteko premirik ez dute orain sozialistek eta irakurketa anitza-kontresankorra ahalbideratzen dituzten kontzeptuak hobetsiko dituzte. Canarias uharteak aipagai dituen agirian adibidez (52), PSOEek adieraziko du "lurraldeen arazoari irtenbidea topatzeko beharrezkoa dela hiritarraren bizitza arlo guztiak hartuko dituen marko autonomikoa antolatzea". Jada ez dute aipatzen nazionalitate-lurraldeen arteko bereizketa eta, "hiritarraren bizitzaren atal guztiak aintzat hartuko dituen" autonomiaren formulazioa zerbait izatekotan zehaztasunik gabekoa eta bitxia da (norbanakoaren aipamen horretan badirudi ez lurralde ez herri izaeraren onarpena ere ez dela sartzen). Beste batean (53), Catalunyako Consell-ean izandako arazoak tartean direla, PSOEk esango du nazionalitate zein lurraldeen gaiarekin "adimenez jokatu behar dela" eta autodeterminazioaren alde azaldu diren alderdiei ohartarazten die aipatu eskubidea gauzatzeko era zehazteko tenorea dela. Adimenak aholkatuta edo ez, kontua da sozialistek ez dutela argitzen gehiago euren jarrera, hots, Souresnesen adierazi eta urtarrileko agirian berretsitakoari eusten dioten edo, bestela, zertan eragiten duen "adimenez" jokatu behar horrek. Adimenak adimen, esateko franko emango die PSOEkoei, hori bai gehienetan inboluzio arriskuaz ohartarazi eta indar ultraeskuindar-militarrek Estatuaren lurralde antolaketari buruz zizuzten iritzitara (Espainiaren batasun zatiezina) makurtzeko aholkatuz. Dena den onartu beharrekoa da esandako agiria kaleratu unean "adimenez jokatzea" kontzeptutik bestelako ondoriotara iris zitekeela, munduan zerbait emankorra izatekotan hori adimena baita.
Kontzeptuen zuhurtasunarekin gertatzen zenaren antzera, sozialisten irakurketa anitzeko diskurtso politikoak luzapena du oposizioko beste alderdi batzuekin jorratzen duen elkarlanean. PSOEren nagusitasunak arrastoa uzten zuen. 1976ko apirilean bat egiten dute oposizioko taldeen bi elkarte nagusiek, bata Batzorde Demokratikoa (batik bat PCEren inguruko taldeak biltzen zituena) eta bestea Plataforma Elkargunea (54). Elkarte berria osatu bezain laister iritzi publikoari zuzenduko zaio aldarrikapenen berri emateko. Demokrazioa erdiestea zen bilgunearen ardatza eta, hizkuntz estilo moldatuarekin bada ere, ehin haundi batean "haustura demokratikoa" proposamenaren lerro nagusiak jasoko dituzte (indar errepresiboak desegiteko eskaria ez da azalduko). Estatuaren lurralde antolaketari buruz diotena aldiz, hizkuntza estiloaren moldaketa baino haratago iristen da: "Nazionalitateen askatasun politikoen onarpen erabatekoa, bapatekoa eta benetakoa gizarte demokratiko baten eskaeren arabera". "Nazionalitateen askatasun politikoak" kontzeptu zehazgabea bada (k-pluralean gainera), are gehiago "gizarte demokratiko baten eskaeren arabera" gehituta, halako esaldiak ez baitu ezertan ere argitzen arazoaren funtsa, nork zer erabakitzen duen eta zeren baitan. Irakurketa anitz eta kontraesankorreko idazkera ongi hausnartutakoa dela zalantzarik ez dago. Justu bi parrafo aurrerago "giza eskubide eta askatasun politikoei" buruz ari direnean (hauen edukina bai dela ezaguna) "nazioarteko zuzenbideak zehaztutakoak" gehitzen diote, eta ez besterik. "Nazionalitateen" gainean ordea aipatu gabe geratzen dira "haustura demokratikoan" autodeterminazioari atxekitako bi ezaugarriak: erabateko erabaki ahalmena eta nazionalitateen herri izeraren aitorpena. Askatasun politikoak eta gizartearen arabera dira Koordinazio Demokratikoa taldearen zehaztapenak, baina irizpide horien baitan Mugimenduaren Oinarritan Francok ezarritako askatasun politikoak sar zitezkeen bezala, "gizartearen arabera" hori soka bereko Espainiaren batasun ikutuezina ere izan zitekeen. Besterik gabe "Nazionalitaeen askatasun politikoen" kontzeptu irristakorrari nazioarteko zuzenbidearen aipamena edo "nazionalitate bakoitzeko gizartearena" oharra erantsiz gero, gauzak dexente argituko lirateke, oraindik irakurketak egiteko aukera egon arren. Estatuaren lurralde antolaketaren inguruan nekez egin zitekeen Koordinazio Demokratikoak botatakoa baino aldarrikapen ahulagorik. Asmoa hori izanda, marka ona. Bada, esandakoa, "haustura demokratikoaren" edukinak beratzen jarriak zirela Estatu Espainiarreko etorkizuna egosten zuen eltzean.
3-a-1. Udako eskola: Estatu Espainiarraren batasun ukiezina oinarri demokratikoekin kontraesanean.
II. Errepublikaren garaitik Alderdi Sozialistak ez zuen uda eskolik antolatu Estatuan. Frankismoa indarrean zen bitartean burutu burutzen ziren militantziaren prestakuntzarako ikastaro hauek, baina atzerrian, gehinetan Toulousen eta noizbait Parisen. Diktaduraren ondorengo PSOEren aurreneko udako-eskola 1976ko abuztuan egin zen, 16tik 26ra El Escorialen. Zalantzarik gabe esanahi berezia izan zuten ikastaro hauek: alde batetik baieztatzen da PSOEren jarduera erregimenaren "tolerantzia hitzartuan" kokatzen dela, izan ere Alderdi Sozialista legeztatuta egon gabe, ihardunaldiak publikoak izan ziren (komunikabideek gertutik jarraitu zuten bilakera, PSOEk proiekzio publiko-propagandistikoa eman zien, lekuak berak adierazten du ez zutela izkutatzeko ez beharrik ez asmorik, alderantziz hain zuzen). Beste alde batetik, udako eskola-ikastaroen xede nagusia alderdiaren kuadro ertainen prestakuntza ideologikoa izanik, erabat zuzena da pentsatzea bertan aztertzen diren edukinek PSOEren zuzendaritza egituren iritzi ofiziala islatzen zutela, zuzendaritza baitzen ihardunaldien antolatzailea.
Azken nabarduna honek badu garratzirik, alderdiaren azken biltzarra burutu zenetik ia bi urte igaro baitira eta tarte honetan aldaketa esanguratsuak eman dira testuinguru politikoan (diktadorearen heriotza, zuzeneko negoziazio politikoak, Suarezen Erreformalarako Legea....). Biltzarra ideien eztabaidarako gune aproposa den bezala, 1976ko abuzkuko uda eskolak egokiera ona eskainiko du PSOEren buruzagitzak aldaketen harian bai gizartean (komunikabideen eskutik) bai bere kideegan sakondu nahi duen iritzi politikoa aztertzeko.
Sei langai aztertu ziren udako eskolan, bakoitza PSOEko kide batek zuzenduta: marxismoaren oinarriak (Carlos Cruz eta Manuel de la Rocha), ekonomia politikoaren oinarriak (Fernando Balcells eta José González), langile mugimenduaren historia (Enrique Olocal), sindikalgintza garaikidearen joerak (Gerónimo Saavedra), autokudeaketa eta langile zuzendaritza (José Rodríguez de la Borbolla) eta antolaketa zein propaganda teknikak (Roberto Dorado, Sánchez Alonso, Etelvino González, Guillermo Barreno eta Alfonso García Pérez). Langai hauen guztien barruan aurkeztutako txostenen artetik sei aukeratu zituen Alderdi Sozialistak liburu batean argitaratuz (55) militante gehiagorengana iritsi ahal izateko. Liburuaren aurkezpenak dioenez, bildutako txostenak "PSOEren buruzagi esanguratsuenak idatzi dituzte. Garrantzia agerian geratzen da gaien aipatze hutsarekin". Eta hala da: PSOEren lerro politikoa (Felipe González), UGTren lerro sindikala (Nicolás Redondo), sozialismoa eta zuzenbide estatua (Gregorio Peces Barba), egitarau ekonomiko baterako ikerketak (Miguel Boyer), Europako sozialismoaren ingurunea (Pierre Guidoni) eta Estatu Espainiarreko nazionalitate zein lurraldeak (osaketa kolektiboa).
Estatuaren lurralde antolaketa PSOEren baitan lehengo mailako kezka dela agerian geratzen da ez bakarrik militantziaren prestakuntza ideologikorako aukeratutako txostenetan nazionalitateen gaia sartzen dutelako, baizik eta gainontzeko txostenek ere gai honen inguruko aipamen esanguratsuak egingo dituztelako.
Oinarri politikoen inguruko zurruntasuna albo batean utzita, PSOEk esanahi anitzeko kontzeptuak hobesteko norabidea hartu zuela azpimarratu dugu lanaren aurreko atalean. Gaiak ohar edo agiri batean baino sakontasun haudiagoz aztertzea eskatzen duen militantziaren prestakuntzarako ikastaro baten markoan berriz, agerian geratuko dira PSOEren "haustura demokratikoaren" edukinen eta proposamen politiko zehatzen arteko kontraesanak. Kontraesan hauek bereziki aipagarriak dira lehenengo bost txostenetan, eta hauek guztiak nazionalitateen ingurukoaren aldean jarrita.
Felipe Gonzálezek aurkeztutako "PSOEren Lerro politikoa" txostenean esaten du "Espainia lurralde eta nazio anitzen kontzeptua" (56) dela, hots, Espainian nazio bat baino gehiago dagoela onartzen du eta eskubideei buruz bestelako zehaztapenik gehitzen ez badu ere, Espainia barruan diren nazioen aitorpen argiak ateak zabaltzen ditu aintzat hartzen badugu beheraxeago eransten duena: "PSOEk bat egiten duela munduko edozein bazterretan diharduten nazio askapenerako mugimenduekin" (57). Hortaz, PSOEren idazkari nagusiak Estatuaren egituraketa federalaren aldeko apustua egin arren, "Espainiako nazioek" zein hauen aldeko ekintzaileek munduan lekurik izatekotan lasaitzea zuten 1976ko abuztuan, Gonzalezek berak esana baitzien PSOEren begikotasuna zutela. Aurkako ondoriora iristeko norbaitek pentsatu beharko luke sozialisten mundu mundialaren kartografian "nazio anitzeko Espainia kontzeptuaren" marrak ez direla ageri, eta aldez aurretik hori burura etortzea bihurria da gero!.
Baina sarritan erabateko baieztapena susmagarria suertatzen den bezala, maiz bihurriaren zuzentasuna sumatzeko arrastoak aurkitzen ditugu. PSOEren Udako Eskolan bata bestearen atzetik. Gregorio Peces Barbak ohartaraziko du "Sozialismoa eta zuzenbide estatua" ponentzian "eskaera nazional zilegiak onartuko direla, baina ezinezko demagogietan erori gabe" (58). Tira, Peces Barbak aitortzen du nazioak egon badaudela eta haien eskakizunak zilegiak direla, ez du argitzen ordea "ezinezko demagogien" funtsa zertan datzan edo "demagogia" horiek estatuaren izaera demokratikoarekin zein "haustura demokratikoaren" edukinekin duen lotura. Zer ote da demagogia buruzagi sozialistarentzat, nazioen eskubide demokratikoak eta nazioarteko zuzenbideak babestutakoak bere osotasunean onartzea mundu osoko nazio askapenerako mugimenduek aldarrikatzen duten bezala edo, demagogia ote da PSOEk oraindik bere egiten zuen "haustura demokratikoaren" edukinei erdipuerdiko irtenbidea ematea?. Beste argibiderik ez prestakuntza ideologikoan sakontzeko El Escorialen bildu ziren PSOEren kideentzat.
Boyerrek ere ukituko du lurralde antolaketaren gaia "Egitarau ekonomiko baterako azterketak" txotenean. "Autonomia eskubidea" (59) onartzen du salbuespen moduko ohar bat erantsita, "gizatalde eta gizabanakoen independentziak muga argi batzuk ditu". Boyerrentzat ez dago ez naziorik, ez nazionalitaterik, ez lurralderik. Ez ditu aipatu ere egiten. Agerikoa den gauza bakarra da mugak egon badaudela, eta "argiak" gainera. Nor den autonomia eskubidearen jabe edo zeintzu diren gizataldearen ezaugarriak (futbol taldea, drogazaleak, modistak, ikasleak, ijitoak, katalanak....) ez dakigu. Ez dakigun bezala muga "nabarmen" horiek fisikoak, demokratikoak, ekonomikoak, metafisikoak, erligiosoak edo bestelakoak diren. Mugak, bego horretan!. Administrazioaren deszentralizazioa aztertzen duenean, Boyerrek arreta jartzen du ondasunen banaketan zein zergen presioan izan dezaken eraginean eta "transferentziak estatu mailan hitzartzearen alde" azaltzen da. Nork, norekin, zer, eta zeren baitan transferitzea hitzartzen duen jakin gabe ere, "muga garbiena" tartean dela.... okertzeko beldur askorik gabe suma daiteke egitasmo zentralista zebilela Boyerren buruan, PSOEren XIII. Biltzarrak nazionalitateen inguruan onartutako ebazpeneko egitasmoaren aldean (autodeterminazioa epealdi konstituziogilearen oinarria, estatu federala...) guztiz kontrakoa hain zuzen.
Internazionalismo sozialistaren oinarritik abiatuta, Pierre Guidoniren (PSIko kide konbidatua) aurkezpenean, nazioarteko egoera aztertzen duen txostenean aipu labur bat satuko dute onartuz gobernu sozialistentzat kontraesan bat dela "mugimendu independentista kolonialak zanpatzea" (60).
Honaino txosten orokorrek lurralde antolaketaren inguruan aztertutakoaren orrazketa. Seigarren txostenak dagokigun gaia hartzen du ardatz nagusi bete betean eta egile desberdinen ekarpenekin dago osatuta. Edukinak eta kontraesanak, zaletasun guztiak asetzeko modukoak.
Inboluzioaren txantai-mehatxuaren aurrean zein erreformazaleen posibilismoak eskainitakoa otzankeriak direlako baztertuz, urtarrila arte sozialistek tinko eusten diote "autodeterminazioaren oinarri demokratikoari". Udako Eskolan aldiz, Gómez Llorentek bere atalean jasotzen duenaren arabera, oso bestelako iritzia txertatu nahi izango du militantziaren prestakuntza politikoan. Nazionalitateen autodeterminazio eskubidea epealdi konstituziogilearen ezinbesteko oinarrietako bat izan behar zuela aldarrikatzetik "Espainiaren batasun zatiezin" konstituzionalaren babesle amorratuak izateraino PSOEk zeharkatuko duen bilakaera-guruzpideko otoi nagusienetako bat irakatsi nahi izango die Llorentek kide sozialistei. Bi hitz ditu erreguak: "inboluzioa, beldurra", hots, militarren aurreko ikara oinarri konstituziogile eginda.
Gómez Llorenteren azterketaren arabera "estatu faxista zentralizatu batetik estatu demokratiko federalera igarotzeak arriskuan jartzen du demokraziaren berrezarpena" (61) eta , beraz "eskaera hauek aurrera eramateko era harretatsua atzeman beharko da". "Zuhurtziaren" esanahia aurrexeago zehaztuko du buruzagi sozialistak: "Ahalik eta askatasun gehiena eman (...) beti ere egitura politiko demokratikoaren egonkortasuna arriskuan jarri gabe". PSOEren ikuspegi ezkertiarraren "Espainiako langileen batasunak" Estatuaren lurralde antolaketan izan behar duen gauzapenaren alde azalduko da Llorente, baina klasisten artean klase interesak babesterakoan aurreneko direla frogatzeko zehaztuko du "sozialisten klase ikuspegiaren baitan ezin dugu alaiki ontzat eman muturrera eramandako edozein formula liberal (...) guretzat demokrazia klase interesak defendatzeko tresna delako". Sozialista honentzat Estatuaren egitura demokratikoak bi irizpide ditu, "egonkortasunaren" muga du lehenengo, eta klase estrategiarena da bigarren muga, bien pean hartuta geratzen delarik. Horrela esanda, agerikoa da arretak, egonkortasunak zein klase estrategiak ez dutela zertan oinarri demokratikoa izan behar (garbiago ulertzeko, "zentzu liberalean" behintzat), eta beraz hauxe litzateke Gómez Llorenteren formula: arreta eta askatasunaren artean arreta lehenengo, egonkortasuna eta demokraziaren artean egonkortasuna lehenetsi, demokrazia eta klase estrategiaren artean bigarrena nagusi. Zera, muga demokratikoak ez dituen estatuaren antolaketa demokratikoa. To!, harrapa hori!
Gómez Llorentek klase borrokaren zuztarrari eustiko dio txosten osoan zeharreko argudiobidetan baina hala eta guztiz ere, kontraesan batetik atera orduko beste handiago batean korapilatuko da Estatuaren lurralde antolaketaren gaira hurbiltzen den bakoitzean, tartean klaseak gora-klaseak bera ibili arren. Aipatu dugu zein garrantzitsua zen buruzagi sozialistarentzat "Espainiako klase batasuna"-versus lurralde osoan sujeto politiko bakarrean gorpuztua, bada, berriro ere dei egingo du "oportunismo eta lilurakerien aurrean" amore ez emateko, "zenbait eskubide ezin direlako geratu lurraldeetako botere joan-etorrien baitan" (62). Orain klase senak agintzen dio "zenbait eskubide" horiei, direnak izanda, eusteko (eta galtzeko¿?) Estatu osoko batasuna ezinbestekoa dela baina hurrengo paragrafo batean adieraziko du "estatuaren antolaketa federalak abantailak eskaintzen dizkiola masa borrokari" (63). Eta ez hori bakarrik, alde taktikotik aztertuta geineratuko du "zenbat eta deszentralizazio gehiago (autonomiak, auzoak...) orduan eta aukera gehiago boterea zuzen zuzenean gauzatzeko". Deszentralizazioa areagotu ahala masa borroka indartu eta klase gatazkak boterean duen eragina azkartzentzen bada.... zer demontrek sortzen ote du "oportunismo eta lilurakeria" haiei amore ez ematea aholkatzeko eta hau guztia klase gatazkaren mesedetan kokatzeko kezka?.
Buruzagi sozialistak ez du silogismoaren sekretua argitzen eta dagokion txosten atala borobiltzeko aurreko argudiobide lerroaren lepotik buru eginez ematen dio amaiera idazkiari. Ondorioak laburtu behar eta, Gómez Llorentek PSOEren azken biltzarreko ebazpenen (nazionalitateen erabateko autodeterminazio eskubidearen onarpena....) balioa azpimarratuta, "Estatuaren antolaketa federalean haratago joateko" proposamena luzatzen du. Haratago dagoenaz jabetzeko "honatago" dagoena zehaztu behar lehenago, bestela biok arrazoia izanda ere zu ta ni ez gara ados jarriko aurrez aurre eserita bagaude. Aztertu ditugunak aztertuta eta bestelako irakurketei errespetu osoa gordez, ia ia banago ba Gómez Llorenteren misterioa hain iluna ez dela esateko plantan. Zera, guruzbidean dexente aurreratu duela buruzagi sozialistak eta "haratago" horrek nazionalitateen sujeto eskubidea espreski ukatzen duen Estatuaren lurralde antolaketaren eredu zentralista baino ez duela adierazi nahi.
Zalantzarik gabe Gómez Llorenteren idazkiak sortzen ditu hizpide gehien. Nazionalitateen inguruko txostena osatu zuten gainontzeko egileen iritzia zein argudiobidea gardenagoak izango dira, berritasunak berritasun edo XIII. biltzarreko erabakiarekin ezartzen dituzten aldeak alde. UGTko kidea den Rubio Llorenterentzat adibidez "herri espainiarrak, bere osotasunean" (64) erabaki behar du antolaketa batua edo federalaren artean. Gero aztertu beharreko nabardurak zerrendatzen ditu (konpetentzien banaketa, federazioak antolatzeko irizpideak, botere banaketa...) inongo irtenbiderik azaldu gabe, baina edonola ere argi dago Rubio Llorenterentzat "Espainian" ez dagoela Espainia ez den beste naziorik ez nazionalitaterik, eta baldin badago berdin da, ez du sujeto politikoa izateko eskubiderik. "Herri espainiar" horretan sartzen ditu denak nahi ala ez, kontzeptuak ez dauka balizko gainontzeko herrientzako berezko lekurik, "bere osotasunean" aukeratu beharko dute eredu bat edo beste eta ez bere baitan. "Espainia" zein "herri espainiarra" termino kategorikoak dira, aldez aurretik ontzat ematen dituenak, eta ez "Espainiaren" ezaugarriak ez lurraldeen ezaugarriak aipatzen ez dituenez ezin jakin zein den bakoitzaren izaeraren gakoa eta elkarren arteko aldea. Bakarrik "Espainia" dago, "herri espainiarra" huts hutsean. Eta ez dena ezin inongo eskubideren jabe izan. Kitto. Oinarri kategoriko berekin norbaitek Euskal Herria, Catalunya, Galiza edo frankismopeko bestelako herri baten izana aldarrikatzen duenean sortuko dira arazoak, baina arazoa ukatzen den artean kezkarik ez. Marxisten esanetan zapalkuntzaren kontzientzia ez duena da gizaki zapalduena, baina hori zapalduari dagokio, zapaltzaileei? "Marxismoaren oinarriak", Uda Eskolako beste aztergai bat izan zen.
Aymerich Corominasek autonomia federalaren oinarri ekonomikoak aztertzen ditu nagusiki baina bere talean ez du sartzen Estatu barruko sujeto politikoen inguruko aipamen edo arrazoibide zuzenik. Ondorioak bai: "Parlamentu federalak plan federala (finantzaketaz ari da) onartuko du eta autonomiak txertatuko dira (...)" (65). Antolaketa federala gorpuztuko luketen "autonomien" izaeraz ez da bestelako azalpenik ematen, zentralismorako zantzu argiak somatzen badira ere: ia zerga guztiak Parlamentu Federalaren eskumenak izango dira, fiskalitatearen batasunaren garrantzia azpimarratuko du etab. Oso antzeko iritzia du Fajardo Espinolak ("Les Illes"), baina hau konstituzioaz mintzo da bete betean: "Espainiako konstituzioak zehaztutako ildo orokorren barruan kokatutako autonomi estatutoa".
Azken batean Estatuaren lurralde antolaketak sujeto politiko anitzak eta desberdinak ukatzen duten testu hauen oinarriekin kontraesanean, beste atal batzuk estuki lerrokatzen dira Gonzálezek "nazio anitzak" onartuz azaldutako PSOEren lerro politikoarekin. Alderdi Sozialistaren idazkari nagusiak aipatu ia hitz berberak erabiliko ditu José González katalandarrak lurralde antolaketak behar duen irtenbidea azaltzeko, hots, "Egitura federal batek baino ezin eman diezaioke irtenbidea nazio anitzeko Estatu Espainiarraren errealitateari" (66). Beraz, penintsula Iberikoaan bi nazio baino gehiago dauden errealitatea atzematen du katalanak.
Pais Valenciá-ko Joaquin Arzaga Rosek Estatu Espainiarraren inguruko proposamenak utzi eta zehaztasunera pasatuko da "herri balentziarrari autodeterminazio eskubidearen inguruan erabakitzeko erreferenduma" (67) eskatuz. Aurrerago zehaztuko du "Estatu Espainiarreko Gorte Federalean onetsia izango dela" autonomia estatutoa, baina honek ez dio indarra kentzen Pais Valenciá-ren erabateko burujabetza aitorpenari, autodeterminazioari. Aitzitik, PSOEk ordura arteko azken biltzarrean erabakitako "nazionalitateen autodeterminazio eskubidean oinarritutako epealdi konstituziogilearekin" bat egiten du erabat. Horren ondotik eta "nazionalitateek" estatu federala osatu behar dutela erabakitzekotan, ez da harritzekoa elkarren arteko egituraketa adostu behar izatea. "Onetsia izango dela" eta, ez du erabat baztertzen aurkakoa ezin daitekeenik gerta, baina Arzagak hasiera batean aurreikusten ez duen egoera ezkorra emanda ere hortxe dago Pais Valenciá-ko herritarrei aitortzen zaien autodeterminazio eskubidea jarraitu beharreko bidea erabakitzeko. PSOEren baitan atzematen dituen "bi mutur baztertuak, espainolistak eta independentistak" (68) kritikatuz, Joaquin Arzagak gaineratuko du bere proposamena zentzuzkoa eta moderatua dela.
Azpimarratzeko moduko beste idazki bat Manuel Soto Ferreirorena da. Galizar honek mahaigaineratzen du epealdi konstituziogile berezia zabaldu behar dela Galizan behin hauteskunde askeak ospatuta eta "autodeterminazioa gauzatzen den bitartean gobernu autonomo baten aldeko" jarrera azaltzen du. Gobernu autonomoa behin behinekoa izango da, "herri galizarrak gainontzeko Estatu Espainiarrarekin izango dituen lotura moduak erabaki arte" (69). Beraz, galizar herriak erabakiko du lotura mota autodeterminazio eskubidea aitortzen zaiolako. Manuel Sotoren txostenean bada beste gauza deigarri bat, galizarren jatorri azalpena. PSOEk euskal abertzaletasuna deitoratu eta erasotzeko iraunkorki erabili du arrazakeriaren leloa historia osoan zehar: Sabino Aranaren tesiak zabaldu aurretik, zabaldu zirenean, abertzaletasunak haren irizpideak alboratu zituenean, ezker abertzalea sortu eta argudio sabiniar atzerakoienen aurka argiro azaldu zenean zein gaur egun. Arrazakeriaren ustezko gurutzada zorrotz horrek ordea zeozer gehiago izango du atzean PSOEkoek inoiz ez dutelako heuren jopuntu garbitzailean paratu militante sozialistek ozen baino ozenago egindako gaztelar arrazaren goratzarrea (Unamuno, II. Errepublika garaiko ministro sozialisten Gortetan botatako adierazpenak kasu). Bada, asmo ona edo txarrarekin baina edonola ere inork zuzendu gabe, Manuel Soto Ferreirok irakatsi nahi izan zien El Escorialen bildutako kide sozialistei "galizarrak arraza zeltan jatorria duen etnia direla" (70). Hortxe omen zegoen sozialista honentzat galizar izaeraren gakoetako bat, arrazan. Eta PSOEkoak ados nonbait, ezen militantziaren prestakuntzarako argitaratu zuten liburuan ere jaso zuten, prestakuntza ideologikorako omen.
Norbaitek nazio zapalkuntza azpimarratu nahi izan bazuen hori Antonio Borderías izan zen. Bera, Aragoiko federazioko burua, ez da zurikeritan galtzen: "Badakigu gurea ez dela lurralde kolonizatu bakarra, baldin eta kolonizatu gabeko lurralderik existitzen bada..." (71). Hauxe bai dela kontzeptu berria sozialisten ahotan. Orain arte Estatu Espainiarraren lurralde antolaketari buruz mintzatzerakoan nazionalitate, nazio, nazionalitate-lurralde, nazio iberikoak eta lurralde berezituak hitzak erabili zituzten baina Borderiasentzat hauek guztiak motz geratzen ziren eta hara!, orain lurralde kolonizatuak. Ez du zehaztapen haundirik baina tamainako zapalkuntza askatzeko gutxien gutxienez deskolonizazioa beharko, autodeterminazioa, eta gatazkarik izatekotan kasko urdinak deitu.
Azkenik, Euskal Herriko federazioaren izenean Gabriel Urralburuk aurkeztutako atala jasoko dugu, berak "Euskal Herrirako egitarau-alternatiba" deituko diona. Bi irizpide azalduko ditu oso zehatz eta oso argi lurralde antolaketaren inguruan: bata, Estatuaren egituraketa federala izango dela eta lurralde bakoitzari autonomi estatutua egokituko zaiola. Bigarrena, Euskal Herriko estatutuak autodeterminazio eskubidea bermatu behar duela. Ez du iruzkin askorako bide ematen, ohar bakar bat baino ez. Autodeterminazio eskubidea epealdi konstituziogilearen oinarri izan nahiz ez izan (Urralbururen egitasmoan bi eratara izan daiteke), kontua da Euskal Herriari autodeterminazio eskubidea onartu ez ezik, "bermatu" ere egingo zaiola autonomi estatutuan. Beraz, beti izango luke aukera egindako konstituzioaren bidean jarraitzeko, hau zuzentzeko edo bide berri bati ekiteko.
El Escorialen zazpi egunez bildutako kide sozialistek Estatu Espainiarraren lurralde antolaketaren inguran aurrera eraman beharreko bidea barneratzeko ikastaroa baliagarria izan zen ala ez nekez baieztatu dezakegun arren, proiekzio publiko handia izan zuten ihardunaldi hauetako txostenek bai adierazten dutela kontraesan nabarmenak zeudela PSOEren baitan. Hain desberdinak diren iritzien gakoa "haustura demokratikoaren" edukinetan eta buruzagi sozialistek Gobernuarekin garatzen ari ziren negoziaziotan dago. Lau urte luzez (1972ko biltzarreko zatiketatik) bazter guztitan zabaldu zuten "nazionalitateen autodeterminazioaren aldeko" apostua, zuzenbide estatuan ezinbesteko ezaugarri izaera eman zioten autodeterminazio eskubideari, askatasun demokratikoen baitan kokatu zuten, erregimenaren bilakaera demokratikoa bermatzeko nahitaezko baldintza jotzen zuten autodeterminazioaren onarpena eta antolaketa berriaren beste oinarri-berme bat gehiago zela irizten zioten, sarritan komunistak kritikatzera jo zuten autodeterminazio eskubidea onartzeko gai ez zirela egotziz. Beraz, biltzar nagusi batean hartutako bidearen garapenaren ondotik kide sozialistentzat "nazionalitateen autodeterminazio eskubidea" oinarri demokratiko bat baino ez zen, hori eta hori guztia aldi berean zen 1972ko biltzarreko erabakia, bi urte beranduago berretsitako erabakia eta hilabete gutxi batzuk arte gardentasunez zabaldutako ideia.
Baina oinarri demokratiko hau zaila zen ezkontzen PSOEko buruek Gobernuarekin egosten ari zirenarekin. Garai honetan bete betean eragiten hasiko dira zubi-elkarteek, "Friedrich Ebert" eko aholkulariak zein dirua (jada erruz iristen ari zena) buru belarri sartuko dira korapiloan eta PSOEko buruek haustura eta haustura ohikukatu arren, aurreneko konpromezu zehatzak hitzartuko dituzte Gobernuarekin. Honekin batera, Sozialisten zuzendaritzak oposizioaren buruan ikusten zuen alderdia eta boterea epe labur ertainean eskuratzeko aukera haundiekin. Alde zuten komunikabideen bultzada, dirua, frankismoaren aldaketa-moldaketa gauzatzeko Gobernuak behar zuen laguntza, alde ere komunisten satanizazioa eta oraindik zirauen jazarpena, inkesta itxaropentsuak.... Testuinguru honetan, batez ere aurreneko bi eragileek bultzatuta (hitzarmenak eta zubi-elkarteak), Alderdi Sozialistak diskurtsoaren norabidea aldatuko du baina aurreko urtetako propaganda-pedagogia lerro guztiarekin bapatean eteteak sinesgarritasuna nabarmen kaltetuko zukeenez (are gehiago bizi zen erregimenaren aurkako tinkadura-aldarrikapen giro iraunkorrean), aldaketa mailakatua hobesten dute. Zehaztasun eza, esanahi anitza, kontraesanak, inboluzio arriskuaren ohartarazpena aldarrikapen demokratikoak jeisteko oraindik demokraziarik ere ez zenean, zenbait eskaeren deskalizfikazio-ridikulizazioa ("alaiki..., muturreko...., ezinezko....., mugak....."), "haustura demokratikoaren" birformulazio saiakera (ezinbesteko baldintza izatetik zegoziazioen helburuan igarotzea) eta estatu erantzunkizunaren aipua soka bera jarraitzen dute. Hots, lau urtez aldarrikatu duten oinarri garrantzitsuenetako bat irentsi nahi dute baina haren izaera demokratikoaren aurka zuzenean ezin zutenez jo (garatutako lerro ofiziala izan baitzen), bestelako baliabide dialektikoak ezinbesteko osagarriak ziren.
Dena den norabide aldaketa hau guztia PSOEren zuzendaritzan egosten zen nagusiki eta kanpoko proiekzioa oraindik hastapenetan zenez (ezkutuko pertza beharbada 1972tik zen sutan), ez da batere harritzeko kide sozialista asko eta asko "nazionalitateen autodeterminazio eskubidearen" defendatzaile sutsuak izatea, azken batean hori baitzen PSOEk biltzarrean onartutako ekinbidearen oinarrietako bat. Sozialistek iritzi publikoan izan zezaketen isalda aurrekoaren luzapena zen, are gehiago jakinda ez zutela gune handirik eskuratzen komunikabideetan.
3-b. Une batez ezpatak zutik, XXVII. biltzarra
![]() |